Bizkaia
Facebook Twitter

'Athletic odolean', Koikili Lertxundi


Publicado el Lunes, 13 Febrero 2012 22:02
Facebook Twitter Google Plus 0

 


Barça ez, ezta Madrid ere! Athletic!, guda esaldi hau askotan entzungo dugu hurrengo hilabeteotan. Ez da gutxiagorako, izan ere historia egiten jarraitzen dugu, luma  zurigorriz idatzitako historia alegia. Diruz lepo dauden taldeen aurrean, gure izaera bereziak punta puntan mantentzen gaitu.

Ez ohizko gertakari hau aztertzen badugu, zaila da behar bezala arrazoitzea non dagoen zergatia. Non dago sekretua? Konplexua da asmatzea, halere hainbat adierazlek fenomeno hau ulergarriago bihur dezakete.

Gertutasuna izan daiteke horietako bat. Hots, nabaria da zaletu, prentsa, jokalari, klubeko kudeatzaile, patrozinatzaile, kolaboratzaile, langile edota peña ezberdinen artean dagoen gertutasuna. Hainbestekoa da askotan aipatutako pertsonen arteko harremana anai, arreba, ama, aita, alaba, seme, amama, aitite, lehengusu edo lehengusina arteko elkarrizketak diruditela. Gertu gertukoak, bizi biziak, emozioz beteak. Horren lekuko, asteazkeneko partidua bukatu aurretik, bozgorailuetatik egindako jakinarazpenak, finalerako ospakizuna familia gisa zelai barruan gauzatzeko susmoari aurre hartuz. Gertutasunaren beste adibide batek askotan eman dit zer pentsatu! Nork ez du egin bere harmailako eserlekutik benetan Llorentek, Muniainek edota Toquerok errealitatean gauzatutako errematearen keinurik? Amorebietaren aldaratzearen keinurik? Gabilondoren burukadaren keinurik? Hainbesteko gertutasuna dago, askotan zalea bera berdegunean dagoela pentsatzen duela. Gertutasun honek indar berezia ematen dio taldeari, babes handia egoera larria denean eta hegalak arrakastatik gertu gaudenean, kasurako tituluak, finalak eta partidu garrantzitsuak.

Batasuna izan daiteke beste indar gune garrantzitsua, batasun ideologikoa hain zuzen. Izan ere, azpimarragarria da Athletic sentimenduak ideologia politikoen arteko intransigentziak gainditzen laguntzen dizkigula, sentimendu honen bitartekaritza lanari esker, muturreko pentsamoldeak dituzten pertsonak elkartzeko aukera dagoelarik. Athletic beti zurekin oihuak ederki isladatzen du aipatzen ari naizen batasunaren karakterizazioa.

Batasun honi, lehiakortasuna gaineratzen badiogu, horrek arerio indartsuagoan bilakatzen gaitu. Lehiakorrak gara euskaldunak, bai alajaina, edozein esparrutan, ikusi besterik ez dago langabezi tasa non daukagun, estatuko bataz bestetik oso urrun. Egun, lana izateko beharrezkoa da lehiakorra izatea, pertsona inplikatua izatea, proiektuak egi bihurtzeko eta hortik bizitzeko ahalegin handia egitea. Euskaldunok berezkoa dugu ezaugarri hau eta lehiakortasunak alde negatibo ugari dituela onartu behar den bezala, aintzat hartzekoa da ere goi mailako futbol taldea izateko ezinbesteko gaitasuna dela. Horren lekuko da klubaren historia: 1.mailan betidanik, 8 liga, 23 Errege kopa eta hainbat aldiz Europako txapelketa ezberdinetan aritua.

Hizkuntzak ere bereziak bihurtzen gaitu. Erdara eta ingelesa estatuko taldeen hizkuntzak diren bitartean, gurean erdaraz gain euskarak badu bere presentzia, indarra eta bizitasuna!! Zentzu horretan, aipagarria da egungo Athleticen, Iribarren garaikoan baino euskara gehiago ezagutzen dela eta ezagutza nahiz erabileraren artean desoreka egon arren, orain lehen baino gehiago hitz egiten da. Gure hizkuntzak beraz, gainontzekoetatik ezberdintzen gaitu, kulturalki aberatsagoak bilakatzen gaitu, izan ere Lezama dialekto guztien txokoa bihurtzen ari da, ondorioz berezitasunak indar handiagoa hartzen duelarik.

Lurraldetasunak ere badu zer esan,izan ere erreferentzia Euskal Herria izanik, mundu mailako jarraipena daukan kluba gara. Aurretik aipatu lez, gure arteko diferentzia ideologikoak gainditu eta lurraldetasunak ez du arazo ezta kontradikzio berezirik sortzen, Euskal Herritik at jaio den jokalariren kasu isolaturen bat kenduta. Gainera lurraldetasunak berebiziko garrantzia du munduan zehar gure filosofia hain baloratua izan dadin, bai horixe! errespetatuak gara eta toki askotan miretsiak. Gutxi gara baina indartsuak, talentuz eta kalitatez josiak, munduan horrelako baldintzatan aritzeko gai izaten ari den adibide bakarra eta originala! Gure buruaz harro sentitzen laguntzen gaituen errealitatea!

Guzti hau gutxi ez balitz, idatzirik ez dauden balore garrantzitsuak lantzen dira aspalditik, hauen artean nabarmenenak inplikazioa eta konpromisoa. Bi balore hauek ezinbestekoak dira lortu nahi diren helburuak eskuratzeko. Baina nola lortu pertsonak inplikaturik eta konprometiturik egotea? Hementxe ez dago irtenbide magikorik, topikoa dirudien arren, egunero egiten denari erreparatu behar baitiogu: lanari, diziplinari, kemenari, grinari, elkartasunari, ordenari, zorroztasunari, profesionaltasunari eta batez ere gogoari.

Nire ustez guzti hauek dira odol zurigorriaren osagai garrantzitsuenak, gure taldeaz harro sentiarazteko arrazoi nagusiak alegia. Guztiak batera eta maila altuan uztartzen direnean gure eredu berezia gaur egungo futbol modernora egokitu daitekeela frogatzen da eta horrek izugarrizko berezitasuna ematen digu!!

Final berri baterako txartela lortu dugun momentu honetan gure izaera eta indarra zein den erakusteko beste aukera bat izango dugu. Erronka izugarria izango da, aurrean izango dugun arerioa munduko talderik onena baita! Zentzu honetan, talde katalunyarra gainditzeko, ezinbestekoa izango da guztiok dena ematea, guztiok zelai barruan egotea eta titulua lortzeko behar beste keinu egitea!!

 

Itzarri Consulting. Gestión del conocimiento.
 

  • No se han encontrado comentarios

Deja tus comentarios

Enviar un comentario como invitado

0
Sus comentarios están sujetos a moderación por un administrador.
Blogs
 
 

Ediciones